Euskotreneko Burdinbidearen Euskal Museoak, Eusko Jaurlaritzaren Sozietate Publikoak, tren historikoen abuztuko denboraldiari amaiera eman dio bidaiarien marka berri batekin. Abuztuan zehar 66 zirkulazio egin dira eta 3.086 pertsona ibili dira. Jasotako asistentziak aurreikuspenak gainditu ditu, 2019an baino %4,8 gehiago izan baita, urte horretan museoaren historiako zifrarik handiena izan baitzen.
Zerbitzua erabili duten pertsona guztietatik, 2.140 lurrunezko trenek atoian eramandako trenetan bidaiatu dute, eta 946k, berriz, diesel bidezko trenetan. Hain zuzen ere, irailarekin batera amaituko da diesel trenen zirkulazio denboraldia, baina nahi dutenek asteburuetan lurrunezko trenean bidaiatzen jarraitu ahal izango dute. Azarora arte hiru irteera egingo dira asteburu bakoitzean, bi larunbatetan (12:00etan eta 17:30ean) eta bat igandetan (12:00etan). Lurrunezko trenak, beti bezala, museoa eta Lasaoko geltokia lotzen dituzten 4,5 kilometroak egingo ditu.
Tren historikoetan egiten diren bidaia guztiak egokitu egin dira, Covid-19ren hedapena saihesteko osasun neurriak betetzeko. Hala, edukiera %50era mugatu da gutxieneko segurtasun-distantzia bermatzeko, eta horrek hasiera batean aurreikusitako zirkulazioak bikoiztera behartu du. Gainera, leihoak zabalik egon dira beti, ahalik eta aireztapen handiena ziurtatzeko.
.
.