Azpeitian (Gipuzkoa) instalazioen Gabonetako ohiko itxiera-aldia amaitu ondoren, Euskotrenen Burdinbidearen Euskal Museoak urtarrilaren 7an ekin zion berriz ere bere jarduerari.
2024 ekitaldian, Burdinbidearen Euskal Museoa 300 egunez egon zen zabalik, eta 26.175 bisitari izan zituen (25.361 aurreko ekitaldian). Gainera, Azpeitiko (Gipuzkoa) museoak Urolako haraneko lurrun-trenaren ustiapena kudeatzen du 1998tik, Burdinbidearen Euskal Museoaren Lagunen Elkartearekin lankidetzan. Lurrun-ikatzezko tren-makinen bidez lan egiten duen Iberiar Penintsulako tren turistiko bakarra da. 2024ko zerbitzu erregularra 13.385 pertsonak erabili dute (13.746 pertsona 2023an).
Era berean, lurrun-trenaren zerbitzu bereziak kontrata daitezke. 2024an, Museoaren marka historikoa hautsi da arlo horretan, 113 zirkulazio berezirekin (84 2023an). Zerbitzu horiek batez ere eskola-taldeek, gizarte-kolektiboek eta bidaia-agentziek kontratatu ohi dituzte.
Bere ibilbidean ohikoa den bezala, Burdinbidearen Euskal Museoak bere ohiko jarduerak mantendu ditu. Horien arten, honako hauek nabarmentzen dira:
- Trenbidearen historiako ikertzaileentzako arreta-zerbitzua.
- Filmen eta telebista-programen sekuentziak filmatzea.
- Museoekin eta turismo-trenbideekin lotura duten nazioko eta nazioarteko erakundeekin lankidetzan aritzea.
- Lurrun-trenen denboraldi erregularrean egun batez sugin izateko zerbitzua.
- Diesel trenen zerbitzua abuztuko lanegunetan (asteartetik ostiralera).
- Trenbidearen historia zabaltzea ikastaro, hitzaldi, mahai-inguru eta abarretan.
- Tren historikoen jardunaldi bereziak zenbait ekitalditan, hala nola Museoen Nazioarteko Eguna, Museoaren Urteurrena urrian (2024an 30 urte bete zituen) eta denboraldiaren itxiera abenduan.
- Bisita gidatuak.
INFORMAZIOA
Euskotrenen Burdinbidearen Euskal Museoaren (Azpeitiko Julian Elorza kalea 8) jarduerari buruzko informazioa lortu nahi dutenek honako zerbitzu hauek dituzte:
- Informaziorako telefono-zenbakia: 943 15 06 77
- Faxa: 943 15 07 46
- Helbide elektronikoa: museoa@euskotren.eus
- Webgunea: www.euskotren.eus