Title
Euskotrenen Burdinbidearen Euskal Museoak Seat 600E bat gehitu du ibilgailuen bildumara
Fecha

Euskotrenen Burdinbidearen Euskal Museoak Seat 600E bat gehitu du Azpeitiko (Gipuzkoa) instalazioetan daukan ibilgailuen bilduman. Ibilgailua Itxaso Corralesek eman du dohaintzan. Espainiako 60ko hamarkadako gizartearen motorizazioaren ikono nagusietako bat da ibilgailu hori; izan ere, horren ondorioz burdinbide asko itxi ziren, azken kontzesionario pribatu askok porrot egin (hala nola Ferrocarriles Vascongados edo Ferrocarriles y Transportes Suburbanos de Bilbao) eta sektore publikora igaro ziren (lehenik FEVE, eta, ondoren, Euskotren) edo hiri-garraio elektrikoak kendu ziren (hala nola tranbia edo trolebusa).

Motorizazio-prozesu horrek mentalitate berri bat txertatu zuen mendebaldeko gizarteetan, eta sakrifizio guztiek txikiak ziruditen automobilaren onurarako: errepideen eta autobideen eraikuntza masiboa, pasabideak eta bulebarrak kentzea, espaloiak estutzea eta espazio publikoa aparkalekuetarako okupatzea. Mentalitate berri horren esparruan, espaloiak ez ziren beharrezkoak, ez eta gaitasun handiko garraio publikoak ere (hala nola trenak eta tranbiak); izan ere, autobusekin nahikoa izango zen gizarte motorizatuaz gozatu ezingo zuten gutxiei zerbitzua emateko. Adingabeak eta adinekoak izango ziren euren ibilgailua gidatuko ez zuten bakarrak.

Euskadin, prozesu horren azken gertakari garrantzitsua Urolako trenaren itxiera izan zen (instalazio horietan dago Museoa), 1986an. Laurogeiko hamarkadaren amaieran, gizartea automobilaren aldeko apustu masiboak sortutako arazoez jabetzen hasi zen, eta, horregatik, garraio publikoen berreskurapenean inbertitzen hasi zen (nabarmentzekoak dira Bilboko metroa edo Bilboko eta Gasteizko tranbia berriak).

Seat 600 horren bidez, Burdinbidearen Euskal Museoak testuingurua eman diezaioke mendebaldeko gizarteek Bigarren Mundu Gerraren ostean bizitako garraio publikoen krisiari. Modelo horren lehenengo autoa Fiat italiarrak diseinatu eta Seat fabrikan eraiki zen (Industriaren Institutu Nazionalaren enpresa, eta haren bazkide teknologikoa zen eraikitzaile transalpinoa), 1957 eta 1973 artean, Bartzelonako zona frankoan. Guztira, 799.419 unitate fabrikatu ziren, lau modelotan, eta unitate horiei beste bertsio batzuk gehituko zitzaizkien, hala nola furgonetak edo kirol-lehiaketetarako egokitzapenak. Zehazki, Antonio Corralesen autoa (bere alabak, Itxaso Corralesek, dohaintzan eman duena) 1972ko maiatzean eraiki zen.

Burdinbidearen Euskal Museoak bere instalazioetan biltzen ditu trenbidearen historia aberatsak gure herrialdean sortu dituen testigantzetako asko: makinak, bagoiak, erremintak, tranbiak, uniformeak eta zerbitzurako beharrezkoak diren hainbat elementu. Horietako batzuk munduko industria ospetsuenek fabrikatu zituzten, honako herrialde hauetan, besteak beste: Alemania, Suitza, Frantzia, Belgika, Suedia, Italia, Holanda, Hungaria, Britainia Handia edo Estatu Batuak. Beste batzuk honako enpresa hauek egin zituzten: CAF, Babcock & Wilcox, Euskalduna, La Naval, Herederos de Ramón Múgica, JEZ edo Mariano de Corral. Hala ere, guztien jatorria trenbidearen sektoreko milaka pertsonaren lana izan zen, euskal herritarrei zerbitzurik onena

eskaintzen jakin izan zutenak, garai bakoitzeko egoera historikoen barruan. Bereziki, urteetan zehar lortutako ezagutza horri esker, euskal trenbideak nazioarteko lidergoa dauka gaur egun, eta ez soilik bost kontinenteetan aurki daitekeen material mugikorraren eraikuntzan, baizik eta beste alor askotan ere, hala nola seinaleztatzea, ingeniaritza edo ustiapenaren antolakuntzan.