Zer sentitzen da lurrun lokomotora baten kabinan bidaiatzean? Nahi duzu hurbiletik bere funtzionamendua ezagutu? Burdinbidearen Euskal Museoak Azpeitia eta Lasao artean dagoen zerbitzuan EGUN BATEZ SURGINA izateko aukera eskaintzen dizu.
Ekimena lurrun lokomotora baten kabinan joan-etorriko bidaia oso bat egitea da. Baina, ez hori bakarrik. Lokomotora abian jartzeko beharrezko prestatze-lan guztiak egiten diren bitartean makinariarekin eta surginarekin batera egongo zara eta horrez gain, une guztian zehar segurtasuna bermatzeko beharreko prestakuntza eta ekipamendua jasoko da.
Esperientzia esklusibo honetan parte hartzeko, interesa duten pertsonek posta elektronikoaren bidez erreserbatu beharko dute – museoa@euskotren.eus – aukeratutako eguna baino gutxienez 72 ordu lehenago.
Ekimen berezi honen prezioa 50 euro da. Egun bakoitzean bakarrik parte-hartzaile bat onartuko da.